“Fans del bocata”: liburu bat ogi tartean

Aitortu behar dizuet ezin dudala ogi gabe bizi. Zenbat buruhauste sortu dizkiodan nire amari eguerdirako, bazkarirako, ogi barra bat erosi eta gero afaltzeko bategabe utzi dudanean. Ezin dut ekidin, ogia mahai gainean ikusi eta beti kendu behar diot kuskurroa, saiatzen naiz hori ez egiten, baina ezinezkoa izaten zait nire barruko asea geratzea, ogiaren “adikto” bat naiz, baina ez dut hori uzteko asmorik. Kontu handiz ibili behar dut ogi on bat erosterakoan, kontu handiz etxerako bidean ez jateko. Zenbatetan gertatu izan zait gurasoek ogia erostera bidaldu eta etxera ogi barra erdia bakarrik iristea, beste erdia etxea eta okindegia bereizten dituzten 200 metrotan jan dut.

Ogia ogiarekin jaten gozatzen dudan bezainbeste gozatzen dut ogitarteko bat dastatuz. Ogiei dagokionez zerbait berezia, desberdina, bilatzen dudan heinean, ogitarteko sinple batekin asetzen naiz, konforme naiz, baina bat aukeratu beharko banu, dudarik gabe, hori urdaiazpiko mistoa litzateke, iberikoa izan edo ez berdin dit, baina ez dakizue zenbat gozatzen dudan Herrerako Zumardi tabernako urdaiazpiko mistoarekin, ogi bero eta kurruskari bat ondo betetzen dute urdaiazpiko eta gaztarekin. Esango nuke hori dudala nire ogitartekorik gustokoena.

Plater edo errezeta berriak sortzerako orduan beti bilatu dut gauza berriak egitea, jendea harritzea, baina ogitartekoak prestatzerako orduan ez zait inoiz burutik pasa dendetako apaletan bilatzen ibili eta ogitarteko berezi bat prestatzea. Baina hori aldatu egingo da gaurtik aurrera. Nire eskuetan jaso dut “Fans del Bocata” liburua, horren laguntzarekin, nire gastronomia eta sukaldaritza ibilbidean beste urrats bat eman eta liburuan proposatzen diren 75 errezetatik baten bat prestatuko dut.

Bai, ondo irakurri duzue, 75 ogitarteko errezeta liburu bakar batean. Gure inguruko liburudendetan gastronomia eta errezeta liburu andana aurki ditzakegu, baina zaila da, edo ia ezinezkoa, ogitartekoei buruz zehazki hitz egin edo ogitarteko errezetak biltzen dituen liburu bat aurkitzea. “Fans del Bocata”-k hutsune hori bete nahi du eta nola bete gainera, indar handiarekin. Felix Garrido, Alegiko Route 33 Gourmeteko sukaldaria, eta beste 25 sukaldari handiren eskutik (liburuko azalean adierazten den bezala), mota eta era askotako ogitartekoak prestatzea proposatzen digute, patata tortilla urdaiazpiko iberiko eta gazta bezalako ogitarteko “sinple” batetik, konfitaturiko bakailaoa salmorejo, piparrak eta Nafarroako oliben purea dituen ogitarteko sofistikatuagoetaraino.

Liburuan biltzen diren 75 errezetetatik Felixen sukaldari sen eta inspiraziotik sortuak izan dira, eta gainontzeko 27ak egungo sukaldaritzaren ikur handiek sortu dituzte: José Manuel Olano (Olano Harategia), Félix Manso (Gaztelumendi-Antxon), Ander Unda, Ixak Salaberria (Fagollaga), Dani García (Bibo Restaurante), Dani Lopez (Kokotxa), Iñigo Lavado (Singular), Asier Abal (Berri Versalles), Gorka Irure (Route 33 Hondarribia), Txemari Esteban (Botarri), Hilario Arbelaitz (Zuberoa), Aizpea Oihaneder y Xabier Díez (Xarma), Pablo Loureiro (Casa Urola), Ruben Trincado (Mirador de Ulia), Francis Paniego (Hotel Echaurren), Iñigo Palma (Hotel Astoria 7), Jokin Zavala (Okendo), Iñaki Oyarbide (La Chelo), Juan Mari Humada (Hidalgo 56), Pia Quintana, Xabier Ruiz (Casa Nicolás), Elena Arzak (Arzak), Martin Berasategui (Martin Berasategui), Jose Aguirrezabal (Cebanc).

Hitzaurrea Juan mari Arzak maisu handiak idatzi du. Felixek Arzak jatetxean urt askoan aritu zen lanean, berak aitortzen du “ezin liteke beste era batean izan. Juan Marirekin adiskidetasunak baino gehiago lotzen nau. Bera niretzako dena izan da, bai sukaldean, eta baita horti kanpo ere”; aldi berean, Juan Marik Felixek Arzaken izan zuen garrantzia azpimarratzen du “gure Felisin maitea partida guztietan aritu zen lanean bere bigarren familia izan den horretan, sukaldean ardura handiak eskuratzeraino. Azkenean, garaia bazen, bizilegea, sukaldaritza ibilbide sendo batekin aske hegan egin arte”.

Argazkiak Iovo petrovek atera ditu. Berarentzat erronka handia izan da 75 ogitartekoei argazkiak ateratzea, maisuki burutu duen erronka, horren erakusgarri liburua osatu eta dotoretzen duten 75 argazkiak. Nahiz eta lan bikaina osatu, azpimarratzen ez dela berarentzat lan erraza izan, bere estudioan argazkiak aeratzea ohituta, oraingoan bertatik atera eta jatetxez jatetxe aritu behar izan du estudio portatil txiki batekin soinean.

Ogitarteko zaletu guztiak jada liburudendetara joan zaitezkete ogitartekismoaren biblia txiki hau eskuratzeko. Ez zaizuela burutik pasa liburua hartu eta ogi tartean jartzea, liburuak dituen 160 orrialdeetan zehar ogi tartean sartzeko osagai goxoago eta osasungarriagoak aurkituko baitituzue. Gozatu ogitartekoekin, gozatu ogiarekin, gozatu “Fans del Bocata” liburuarekin. Gora ogitartekismoa!