Gipuzkoako sukaldari eta gozogileak Burdeosko Exp’Hotelen

Iragan asteartean, azaroak 19, Gipuzkoako sukaldari eta gozogileen ordezkaritza batek, Burdeosen antolatutako Exp’Hotel azokan parte hartu zuen, hainbat sukaldaritza ikuskizun eskainiz.

Ostalaritza, Sukaldaritza eta Elikagaien munduko profesionalei zuzenduriko azoka honek, hiru egunetan zehar mugako bi aldeetako 70 sukaldari inguru bildu ditu, guztiak, Philippe Etchebest, frantziar sukaldariaren gidaritzapean. Honek, 2 Michelin izar izateaz gain, Frantzian famatua da bertako “Pesadilla en la cocina” telebista saioa aurkeztu bait du.

Euskal sukaldaritza oso ondo ordezkatua izan zen sukaldari eta gozogileengatik. Horien artean zeuden Donostian Michelin izarrak dituzten sukaldarietatik hiru, José Mª Arbelaitz (Miramón Arbelaitz), Rubén Trincado (Mirador de Ulía) eta Dani López (Kokotxa). Hirurek elkarrekin, 150 pertsonentzako menua prestatu zuten zuzenean.

Honetaz gain, eta egun osoan zehar, gure sukaldari eta gozogileek hainbat sukaldaritza ikuskizun eskaini zituzten:

- Mikel Gallo, Ni Neu jatetxeko nagusiak, plater desberdinak aurkeztu zituen “El Prêt à Porter de la alta cocina española” izenburupean

- Xabier Zabaleta, Donostiako Aratza Jatetxeko sukaldariak, onttoak eta foie uztartzen dituen platera prestatu zuen.

- Félix Manso eta Ángela Basabe, Irungo Gaztelumendi- Antxon jatetxekoak, pintxo aukeraketa bat sukaldatu zuten.

-  Azkenik, Pastelak Elkarteko hainbat ordezkarik, Rafa Gorrotxategi buru zutela, bisitarien gustua gozatu zuten bolao, Yema Turroi eta mazapanak prestatuz.