Gurutze Berri, gozatu dezagun ehizaz

Data hauetan, ehizatzera joaten den jende asko dago, gero sukaldean jarrri eta ehizatutakoarekin plater goxoak prestatzen dituztelarik. Baina ehizan aritzea ere ez dago guztion eskura eta ez da denon gustokoa ere, baina gastronomiaren zaletu denari, beti gustatzen zaio ehizako plateren bat edo beste dastatzea. Azken hauetako bat baldin bazara, gaurkoan Oiartzun-go Gurutze Auzora gerturatzeko gonbita luzatzen dizugu, bertan kokatua dagoen Gurutze Berri-n ehizako sukaldaritza bikain batekin gozatu ahal izateko.

Maria Luisa Ruiz eta Xabier Zapirain senar-emazteek jarri zuten martxan jatetxea hau 1969. urtean. Ia 45 urteko ibilbide honetan, euren seme Gorka eta Xabier Zapirainen laguntza izan dute, gaur egun Gurutze Berriren zuzendaritza daramatelarik, bere ibilbide osoan jatetxearen ezaugarri izan den goi mailako sukaldaritza hori mantentzen dutelarik.

Gurutze Berrin, euskal sukaldaritza tradizional bikain batekin gozatzeko aukera izango dugu, non protagonismo handia izaten duten denboraldiko produktuek eta atzerriko sukaldaritzaren ikutua duten platerak ere aurkituko ditugun. Baina bere sukaldaritzaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da, denboraldian eskaintzen dituzten ehizako plateren maila eta kalitatea.

Urriaren 1ean jarri zen martxan 2013 honetako ehiza denboraldia. Denboraldi honek 2014. urteko urtarrilak 6 arte iraungo du. Hiru hilabete hauetan zehar, jendeak honako ehiza platerak dastatzeko aukera izango du: untxi basatiaren terrina, eper eta foie entsalada, uso salmis-a, eperra cazadora eran, orein solomoa fruitu eta gaztain purearekin, erbi civet-a, erbi solomoa eta basurdea indabarekin. Plater guzti hauen artean aukeratzea zaila gertatzen zaigula? Ez kezkatu, ehizako dastatze menua aukeratu eta bertan 4 razio erdi, postrea, kafea eta ardoaz gozatu ahal izango dugu, 45€-ren truke.

Baina ez pentsa Gurutze Berri-ko gastronomia eskaintza guztia ehizan oinarritzen denik, honetaz gain maila handiko euskal sukaldaritza tradizionalaz ere prestatzen dute, sarrerakoetan foie terrina edota onttoak labean dastatu ditzakegularik. Ezin ahaztu ostrak, orain denboraldia hasi berritan eskaintzen dituztenak.

Arrainei dagokionez, erreboilo basatia curry-arekin, ranero eran prestatutako bakailaoa edota kokotxak saltsan eskaintzen dizkigute. Haragi aukeran berriz foie sagarrarekin, tripakiak edota arkume musaca ditugu.

Gastronomia omenaldi honi ahalik eta amaiera borobilena eskaintze aldera, etxean prestaturiko postre aukera zabala dute, horien artean daude txokolatezko soufflea, sagar tarta, ogi-torrada arrozesne kremarekin edota trufazko pasteltxoak.

Gurutze Berrin, janari ederraz gain, ardo aukeraketa zaindu bat daukate. Horietatik berezienak, ardo “zaharrak” dira, besteak beste 1925. urteko “Marques de Riscal” ardo bat dute upategian gordeta eta horrela 1970. urteko ardoak aurkitu arte.

Jatetxeaz gain, Gurutze Berrik ere 36 logelako hotel bat du eta gure ezkontza bertan ospatu ezkero, Rolls Royce bezalako kote klasikoak erabiltzeko aukera eskaintzen digute.

Gerturatu Gurutze Berrira, ehizako eta euskal sukaldaritza tradizional bikain batekin gozatzeko. On egin!

Izena: Hotel Restaurante Gurutze Berri

Helbidea: Bizardia Plaza 7 (Oiartzun)

Telefonoa: 943490625

Jantokia: Para 300 comensales

Itxi: Domingo noche y lunes

Salneurria: Karta 45-50€ / Eguneko menua 18€ / Asteburuko menua 29€ / Ehiza dastatze menua 45€

Argazkia: Diario Vasco