Idiazabal Gazta eta pintxo lehiaketa ospatuko dira Koxk!-en

Juan Mari Arzak Sari Nagusia eta Zaporeak Sari Nagusia izango dira hurrenez hurren.

Irailaren 13an Intxaurrondon ospatuko den Koxk! ekimenaren barruan protagonismo berezia izango dute Idiazabal Gaztak eta pintxoek, beste hainbat ekintzen artean, euskal sukaldaritzan garrantzitsuak diren bi produktu horien lehiaketak izango baitira.

Luis Irizar Gunean (Txaparrene Parkea) ospatuko da Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia. Bertan parte hartuko dute Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenaren barruan dauden ekoizleak. Bertako epaimahaiko kide izango dira euskal sukaldari eta gastronomia kazetariak.

Duela 20 urte Intxaurrondoko Gastronomia Astearen baitan ospatzen zen Juan Mari Arzak Sari Nagusia, eta euskal gastronomiaren festa izan nahi duen Koxk!-ek berreskuratu egiten du. Aurtengoan gainera, ekoizleek haientzat hain garrantzitsua den Ordiziako lehiaketa ospatu, eta hiru egunetara arantza kentzeko aukera izango dute Intxaurrondon.

Horrekin batera, eta Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenaren laguntzarekin, haurrentzako gazta ikastaro bat ere antolatuko da, haurrek gertutik ezagutu ditzaten gazta ekoizpenaren eta gazta beraren ezaugarriak. Gainera, batzuk gazta bat egiteko aukera izango dute artzain batekin batera.

Gilda Gunean (Larrotxene K.E.) kokatuko dute Pintxoaren Kilometroa. Peio Garcia Amianok Donostian antolatu zuen D’Pintxos Miniaturazko Sukaldaritzaren Nazioarteko Kongresuaren baitan zegoen Pintxoaren Tunela ideia berreskuratu, eta Intxaurrondo Kalean zehar kokatuko du Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak irailaren 13an.

Kilometro horretan zehar, hainbat taberna eta jatetxeren postuak aurkituko ditu jendeak pintxo banarekin. Hasieran txartel bat emango zaio gerturatzen den bakoitzari, amaieran dastatutako pintxoen artean onena zein den bozkatu dezan. Azken finean, herritarrek aukeratuko dute zein taberna edo jatetxek irabazten duen Zaporeak I Sari Nagusia. Pintxoen postuez gain, bidean zehar hainbat edari postu ere kokatuko dira.

Aukera paregabea izango da irailaren 13a gazta lehiaketarekin gozatu, eta pintxorik onenak dastatu eta epaimahai lanetan aritzekoa. Egin koxk elkartasunari!