Lan honek gauza on bat baldin badu, hori, mahai batean zerbaiten esperoan eseri eta sukaldariek ahoa bete hortz uzteko duten gaitasuna da. Eta honen berri zuei ematea izugarri maite dut, zuek ere gozatu eta harrituta geratu zaitezten.

Harrituta geratzeko aste honetan kotxea hartu eta Hernaniraino joan behar duzue. Behin, bertan zaudetela, Goizuetako errepidea hartu eta Ereinotzura iritsi baino lehen, Epele Auzoarekin egingo duzue topo. Behin bertara iritsita, ezkerraldean topatuko duzue mahai-tresna grisak dituen kartel beltz. Honek, Irubide Jatetxerako sarrera adierazten dizue, beraz, desbideraketa hartu eta hartu bezain pronto, eskuinaldean aurkituko duzue jatetxea.

Jatetxe batek 109 urte badaramatza zabalik, normalean, urte guzti horietan ondo lan egin izanaren isla izaten da, eta oraindik ere lan egiten jarraitzen duenarena. Hau dugu Irubideren kasua. Hernaniko jatetxe honek 1905en zabaldu zituen bere ateak eta ordutik, bertara gerturatu garen guztien sabelak plater bikainekin gozarazten aritu dira.

Manuela Elizondok piztu zituen lehenengo aldiz Irubideko suak, berak eman zuen urte askotako ibilbide luze eta arrakastatsuaren lehenengo urratsa. Bigarren belaunaldiaren ordezkari izan zen bere alaba Bernarda Miner, gero lekukoa Manuelaren biloba Pepita Iraolari emateko. Gaur egun Pili Bereziartua, Pepitaren alaba, da bere janari bikainarekin gu harritzeko ardura duena. Bere seme, Txomin Astiasuinzarraren, salan, eta Lorena San Matiasen, sukaldean, laguntza du. Pilik 40 urte baino gehiago daramatza Irubiden bueltaka, eta 20 urte inguru jatetxearen ardura duela. Etxea hau, euskal amatasunaren eredu argia dugu eta baita ere familiako jatetxeen arrakastaren erakusle. Orain soilik, bertara gerturatu, mahaiean eseri, pazientziaz hartu, eta Irubideko sukaldaritzaz gozatzeaz besterik ez zaizue gertatzen.

Zer aurkituko dugun sukaldetik irteten joango diren platerretan? Pilik oso argi dauka: “Bezeroak Irubideraino erakartzeko zerbait berezia eskaintzea ezinbestekoa da, bezeroa harrapatu eta errepikatzera bultzatuko duena, baina hori bai, gure sukaldaritza tradizionala albo batera utzi gabe”. Irubiden, etxeko euskal sukaldaritza bikain baat dastatzeko aukera izango dugu, plater bakoitzari ikutu berezi bat emanez.

Karta aztertzen hasiz gero, sarrerakoeta aurki ditzakegun platerren artean ditugu: ontto, otarrainxka, piper gorri, piper coulis eta rukula sorbete entsalada; ontto nahaskia itas-trikuekin; krepeak; isatsez beteriko piper berdeak; edo etxeko frijitu bikain eta harrigarriak, kalamarraz gain, kroketa sorta ederra dastatzeko aukera izango dugu, piperrak, txipiroiak, foie, urdaiazpikoa edo ontto kroketak izan daitezke, beti ere merkatuko produktu eskaintzaren arabera.

Arrainen artean aurkituko ditugu: bieirak plantxan ontto eta foierekin; bakailaoa piperrada eta xehe-xehe moztutako patatekin, piper izozkiak ematen dion ikutu bereziarekin; zapoa labean; edo txipiroiak, tintan edo plantxan har ditzakegunak.

 

Haragiei dagokionez, honako plater hauek azpimarratu beharko genituzke: azpizuna guarnizio edo foierekin, non ontto izozki bikain bat dastatzeko aukera izango duzuen; foie eskalopinak piku eta bioleta petaloekin; antxumea labean; edota kanguro azpizuna guarnizioarekin, txekorrarena baino zapore leunagoa duena.

Azkenburukoen eskaintza zabaltzen duzuenean, bat aukeratzea zaila gertatuko zaizue, lehenik eta behin etxean eginiko postre guztiak bikainak direlako, eta bigarrenik, bertan aukeratuko duen azkenburuko sorta zabala dela eta. Eskuinean, tradizionalak aurkituko dituzue, gazta, yogur edo trufa tartak, beste askoren artean; ezkerrean, berriz, postre moderno eta ikusgarriekin egingo duzue topo, horien artean: fruitu exotikoen zukua yogur espumarekin; kafe eta baileys pudina; yuzu sorbetea; eta harrigarriena, gin-tonica limoi sorbetearekin, gin-tonic espuma, sagar saltsa eta limoizko sorbetearekin.

Soilik karta ikusita konturatuko zarete jatetxe berezi baten aurrean gaudela eta harritzeko gaitasuna duena. Beste 109 urtean ilusio eta lanerako grin berdinarekin jarrai dezatela desio diegu. Guk, beharrezkoa bada, bere gastronomiarekin gozatzen eta harritzen jarraituko dugu. On egin!

Izena: Irubide Jatetxea

Helbidea: Epele Auzoa 7 (Hernani)

Telefonoa: 943552480

Itxi: Igandea

Jantokia: 1 23 pertsonentzat / 1 45 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 11€ / Asteburuko menua 20€ / Karta 35 – 40€