Aste honetan aurkeztu dute elkarrekin sinatutako akordio berrria Ja(ki)tea Elkarteak, euskal sukaldaritza tradizionalaren aldeko elkarteak, eta Lumagorrik, Eusko Labeldun Baserriko Oilaskoa.

Ekimena Lumagorriren Zeraingo egoitzan ospatu zen. Prentsaurrekoan Xabier Zabaletak, Ja(ki)tea Elkarteko lehendakariak; Ramon Irazu, Lumagorriko presidenteak; eta Marijose Murua, Lumagorriko kudeatzaileak hartu zuten parte. Aurkezpenean bi elkarte hauen arteko akordioaren xehetasunak eman zituzten ezagutzera, helburua: Eusko Labela duen baserriko oilaskoaren erabilera bultzatzea. Lumagorri eta Ja(ki)teak hainbat ekintza antolatuko dituzte elkarlanean, horien guztien gainetik bi nagusitzen direlarik: Euskal Herriko Parrila Txapelketan parte hartuko duten sukaldariek oilaskoa prestatzea; eta oilaskoaren astea, non Ja(ki)teako kide diren jatetxeek oilaskoa protagonista duten hainbat errezeta eskainiko dizkiguten.

Behin prentsaurrekoa amaituta, eta koktel txiki baten ostean, baserriko oilaskoa nola hazten diren gertutik ezagutzera joan ginen Gabiriara. bertan ikusi genuen oilaskoa egoera libre batean hazten direla, euren elikadura, belarra, garia eta artoa direlarik. Oilaskoa 88 egun dituztenean, gutxigorabehera, sakrifikatzen dira.

Behin Lumagorriko oilaskoen hazkuntza gertutik ezagututa, Zerainera itzuli ginen Eusko Label produktuekin prestaturiko bazkazi goxo batekin gozatzeko, non baserriko oilaskoa izan genuen protagonista nagusi, ezin zen bestela izan. Tomate eta iparraldeko hegaluze entsalada batzuen ondoren, Lumagorriren produktu berria dastatzeko aukera izan genuen, konfitaturiko oilaskoa, bertaratu ginen guztioi gustatu zitzaiguna, baserriko oilaskoa jateko beste era desberdin eta goxo bat, konfit hau, ahatearena baino leunagoa eta jaten errazagoa da. Jarraian, parrilan eginiko oilasko izarra jan genuen, Kattalin erretegiko Juan Manuel Garmendiak prestaturiko pikilo piper bikain batzuen laguntzarekin. Azkenburukotzat, Idiazabal Gazta.

Betiko euskal sukaldaritzaren eta gure produktuen aldeko ekimen bat izan zen, non oilaskoa era desberdinetan dastatzeko aukera izan genuen. Gure lur eta baserrietan hazitako produktu hori bultzatu nahi dute Lumagorri eta Ja(ki)teak.