Oporretan hemen geratzen garenak, baita beste edozein asteburu edo egunetan ere, beti dugu Zarautz bisitatzeko aukera. Bertako malekoitik paseo bat eman itsasoko olatuen joan etorriarekin gozatzen, bere kaleetatik galdu eta gero Kirkilla Eneako sukaldaritzarekin gozatzera eseri, Zarauzko ostalaritza, sukaldaritza eta gastronomiaren erreferentzietako bat.

31 urte daramatza kokatua Santa Marina kalean jatetxe txiki eta bikain honek. 1983. urteko abuztuaren 8an zabaldu zituen ateak. Romero Ameztoyk, arrain-saltsaile familia bateko kidea, jatetxea martxan jartzea erabaki zuen bere familiaren etxean, bere aita hil zenean, eta hor jarraitzen du jo ta ke etenik gabe lanean bere senarraren laguntzarekin; Iñaki Olazabal “Paxo”k tailerrean pasatzen dituen ordu guztien ondoren Kirkilla Eneara gerturatzen da ahal duen heinean eta ahal duen guztian laguntzeko.

Sukaldeko burua da Xabier Zabala, 30 urte eskasekin, bederatzi urte daramatza Zarautzeko jatetxe honetako sukaldea zuzentzen, esan genezake ia-ia familiako beste kide bat gehiago dela. Leioako Ostalaritza Eskolan bere ikasketak burutu ostean eta Karlos Arguiñanoren Aiala Sukaldaritza Eskolan Master bat osatu ostean, 2006an iritsi zen Kirkilla Eneara.

Bertako jantokian bazkaltzen eseritzea zure etxeko jantokian eseritzea bezala da. Romero, Iñaki eta gainontzeko langileek eroso sentiarazten zaituzte, familiako beste bat gehiago izango bazina bezala, zaindu eta mimoz tratatzen zaituzte, zure behar guztiak asetuz eta detaile orori atentzioa jarriz, Kirkilla Eneatik irtetean itzultzean pentsatuaraziz, zure egonaldia sukaldaritza zein bezeroarekiko arretarengatik gogoratuz. Horrela zaintzea plazerra da!

Sukaldean garrantzitsuena produktuak dira, lehengaiak, zaindu eta mimoz prestatzen dituztenak. Gure sukaldaritzako produktu tradizionalak dira, baina beti era desberdin eta berezi batean prestatuak, plater bakoitzak ikutu sotil bat darama berarekin, bisita bakoitza esperientzia gastronomiko berri batean bihurtzen dute Xabierrek bere sukaldaritzan erabiltzen dituen zapore eta ehundura jolasek. Hori guztia aurkezpena ikusgarri eta zaindu batzuetatik hasita, luxua!

Kirkilla Enean hainbat menu eskaintzen dituzte euren sukaldaritzarekin gozatzeko, egunekoa, jaiegunetakoa eta dastatzekoa. Eguneko menua egunero aldatzen dute, nahiz eta beti dauden urteen poderioz eskaintzatik kendu ezin diren plater finkoak.

Menuetan aurkitu ditzakegun platerren artean aurkitu ditzakegu porru eta ganbekin beteriko bricka, ahate entsalada pastarekin, ali-oliarekin gainerretako legatza, txerri masailak gazta moussea mugurdiekin, kanutiloak kremaz beterik edota fruta mazedonia edo fruta naturala, Kirkilla Eneako menuan inoiz huts egiten ez dutenak.

Beste alde batetik karta daukagu, urtean bizpahiru aldez aldatzen dutena (berriak pare bat aste daramatza martxan), non honako sarrerakoak eskaintzen dizkiguten beste askoren artean: ahate magretaren carpaccioa foie freskoarekin, 2001az geroztik kartan dagoena; otarrainxkak etxeko estiloan, berezitasunetako bat; arroz sokarratua abakandoarekin; eta Kirkilla entsalada.

Arrainen eskaintzaren inguruan aipagarriak dira hegalabur gorria zitriko, aguakate eta tartarrarekin; tomate epela txangurroz eta sagarraz beterik; eta bakailaoa bere kokotxekin pil-pilean.

Haragi platerrei dagokionez aipatzekok dira isats gisatua foie, patata krema eta tipulinarekin; ahate tostoia jengibre, maget, udare eta arto gozoarekin; eta presa iberikoa tozino, bere zuku eta enkurtitutako tipularekin.

Azkenik gure sukaldaritza eta gastronomiari egindako omenaldiari amaiera gozoa emateko azkenburukoen artean dauzkagu kafe perfektoa laranja tuliparekin, 15 urte daramatza kartan; intxaursalsa kaneloi kurruskaria gazta krema izoztuarekin; txokolatea fruitu gorri, gari eta mugurdi sorbetearekin.

Oporretan, asteburuetan, astean zehar, zuen agendetan tarteren bat libre duzuenean Zarautz bisitatu eta gozatu Kirkilla Eneako sukaldaritzako kutixi bikainekin. On egin!

Izena: Kirkilla Enea Jatetxea

Helbidea: Santa Marina 12 bajo (Zarautz)

Telefonoa: 943131982

Jantokia: Bat 50 pertsonentzat

Itxi: Igande gaua eta astelehena

Salneurria: Eguneko menua 15,90€ / Jaiegunetako menua 20,90€ / Dastatze menua 32,50€ /Karta 35-40€