Koxk!-ek euskal sukaldaritzaren lau ikonoren lana eskertuko du

Euskal sukaldaritzaren eta elkartasunaren festa izan nahi du Koxk!-ek (Egin koxk elkartasunari!). Hori lortzeko bidean hainbat ekintza antolatuko dira irailak 13ko goizean zehar Intxaurrondo auzoan (Donostia).

Ekintza horiek jendeak sukaldaritzarekin gozatu, eta euskal gastronomia gertutik ezagutzea izango dute helburu. Hainbat euskal sukaldarik parte hartuko dute euren lana eta sekretuak jendeari ezagutzera emanez. Aldi berean, Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak euskal sukaldaritzan aitzindari izan diren lau ikurren lana eskertuko du: Luis Irizar, Juan Mari Arzak, Pedro Arregui eta Aperitivos Easo.

Luis Irizar (La Habana, Cuba, 1930) dugu euskal sukaldaritzaren eta sukaldarien maisua. Gurutze Berri jatetxea zuzentzen zuenean jaso zuen lehen Michelin Izarra, euskaldunen artean lehenetarikoa izan zen, Casa Nicolasarekin batera. 1967an Zarauzko Euromar Hotelaren barruan zabaldu zuen lehen sukaldaritza eskola. 1992an Donostiara etorri, eta martxan jarri zuen Luis Irizar Sukaldaritza Eskola, gaur egun, erreferentzia dena.

Juan Mari Arzak (Donostia, 1942) 1975ean Euskal Sukaldaritza Berria mugimendu gastronomikoaren sustatzailea izan zen beste hamabi sukaldarirekin batera.. Arzak Jatetxea kudeatzen du bere alabarekin batera, Elena Arzak, familiako hirugarren belaunaldia izanik. Restaurant aldizkariaren arabera, munduko zortzigarren jatetxerik onena da, eta aurtengoan 25 urte betetzen dira hirugarren Michelin Izarra jaso zuela (1989), orain arte gutxik osatutako lorpena.

Pedro Arregui (Getaria, 1941-2014) aitzindaria izan zen arrainak osorik eta azalarekin parrilan erretzen. Euskal sukaldaritza tradizionalaren erreferentzietako bat den Elkano Jatetxean eman zuen urrats hura. 1964. urtean zabaldu zuen jatetxe getariarra, eta ordutik bide luzea egin du, parrilaren tenplu bilakatu, eta aurten jatetxearen 50. urteurrena ospatu arte. Urteurrena ospatu eta egun gutxira zendu zen Pedro, gure betiko sukaldaritzaren ikurra.

Aperitivos Easo 1992an sortu zen. Frantziako Tourra Donostiatik ateratzen zela baliatuz, Peio Garcia Amianok, katerineko arduradunak, garai hartan erreferentzia ziren Donostialdeko pintxo tabernarik esanguratsuenak bildu zituen bertan laguntzeko: Oñatz Taberna (Jesus eta Mikel Santamaria), Bergara Taberna (Patxi Bergara), Juli Taberna (Josean Agirre), Aloña Berri Taberna (Jose Ramon Elizondo) eta Geltoki Gozotegia (Jose Mari Pikabea).