Koxk!-en lehen edizio arrakastatsua

Behin desmuntaiaren lanak amaituta, baloraziorako ordua iritsi eta antolakuntzak oso balorazio positiboa egiten duen Koxk!-en lehen edizioaren inguruan. Aurreikuspen guztiak gainditu dira, bai bisitari, zein bildutako diru kopuruaren inguruan. Oraindik azken zifra zehatza ezagutzea falta da, baina Zaporeak Proiektua martxan jartzeko diru kopuru garrantzitsua bildu da. Gisa honetako festa bat antolatzen zen lehen aldia izanik bisitari eta parte-hartzaileen aldetik jasotako mezua ezin hobea izan da: arrakastatsua izan da Koxk!. Jendea penaz geratu da ezin izan duelako lehen edizioan parte hartu eta horrek bultzatzen gaitu bigarren edizio batean pentsatzera. Azkenik, eskerrak eman behar dizkiegu festan parte hartu zuten boluntario, enpresa, taberna, jatetxe eta sukaldari guztiei.

Koxk!-en kronika

Goizeko hamarretan jarri ziren martxan lehen ekintzak, Aperitivos Easori omenaldia eta Katxiña Erretegiko Jose Miguel Zendoiaren erakustaldia. Lehen orduan ez zebilen jende asko Intxaurrondoko kaleetan, baina goizeko hamaiketatik aurrera, irekiera ekitaldi ofizialarekin batera giroa animatzen joan zen eta asko izan ziren Koxk!-era gerturatu zirenak.

Zinta mozketa ekitaldian festa babesten zuten erakundeetako ordezkariak izan ziren: Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea; Jon Peli Uriguen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatua; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako sailburuordea; Luis Intxauspe, Hernaniko alkatea; Mikel Ubarrechena, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen lehendakaria; Juan Mari Arzak eta Luis Irizar sukaldariak; eta antolakuntzako kideak Jesus Maria Jalon, Peio Garcia Amiano eta Oraitz Garcia. Zinta moztearen ardura Maria Pueyo, Angel Olaranen ilobak izan zuen.

Behin zinta moztuta ekintza gastronomiko andana antolatu ziren Intxaurrondoko kaleetan zehar kokatuko lau guneetan. Luis Irizar gunean Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia ospatu zen. Maila handiko lehiaketa izan zela azpimarratu zuten epaimahaikideek. Bruno Oteiza, sukaldariak adierazi zuen gazta perfektua dastatzeko aukera izan zuela. Gauzak horrela garaikurra eta bi pertsonentzako afaria Arzak Jatetxean Arabara joan ziren Gereñuko Hermanos Audikanak eraman zituen. Bigarren postuan sailkatu zen Zeanuriko Ipiñaburu eta hirugarren postuan Gabiriako Patxi Otaegi.

Gune berean umeek gazta egiteko aukera izan zuten Arantxa Goiburu artzain eta Porrotxekin batera. A zer gozatua hartu zuten etxeko txikienek. Gero kalejiran joan ziren haurren guneraino eta bertan Porrotxen ikuskizunarekin dantza eta kanta aritu ziren. “Koxketik, koxkera, Intxaurrondotik Wukrora” murala margotzen eta beste hainbat ekintzekin osatu zuten eguna.

Pedro Arregi gunean jendearen joan etorria etengabea izan zen. Alde batetik, Eusko Label-en eskutik erretako txahal eta txerri pintxoen usainak erakarrita, eta, bestetik, bertan parte hartu zuten sukaldarien sekretuak ezagutzeko. Jose Miguel Zendoiaren bisigua, Juan Manuel Garmendia eta Ander Esarteren txuletak eta Aitor Arregiren erreboilaz gozatu zuten bertaratutako batzuk. Bertan, bizi izan zen eguneko momenturik hunkigarrienetariko bat, Pedro Arregiri omenaldia. Otsailean zendu zen sukaldari handi honen semeak, Aitor Arregik, jaso zuen garaikurra Peio Garcia Amiano eta Juan Mari Arzaken eskutik.

Juan Mari Arzak gunean goizeko bi zita garrantzitsuenetarikoak ospatu ziren. Eguerdiko 12.30tan, jendez inguratuta zegoen eszenatokia, Juan Mari eta Elena Arzaken sekretuak gertutik ezagutzeko asmoarekin. Ez zuten hutsik egin eta jendearen txalo zaparrada jaso zuten amaieran. Gainera, bertaratutakoek Arzaken errezetarik ezagunena dastatzeko aukera izan zuten: Krabarroka Pastela. 14.30tan beste sukaldari handi baten txanda izan zen, Andoni Luis Aduriz igo zen eszenatokira, eta, hasieran, ingurua hutsik zegoen arren, gero jende asko bildu zen Mugaritzeko nagusiaren hitzak entzutera. Gustora aritu zen Aduriz eta gustora egon ziren entzuleak ere egin zituzten bi pintxoen azalpenak entzuten.

Jende gehien bildu zuen gunea izan zen Gildarena. 25 pintxo dastatzeko aukerak erakarrita gerturatu zen jendea Intxaurrondo Zaharrera. Erritmoa hartzea kosta zitzaion, baina eguerdirako jendez lepo zegoen Intxaurrondo Kalea. Fama handiko tabernen pintxoak dastatzeko aukera izan zen: Zeruko, Danako, Aratz, Gaztelumendi Antxon, Cantabrico eta Txepetxa, beste askoren artean. Jendeak pintxorik onena aukeratzeko ardura izan zuen eta bozka gehien jaso zituena Altzako Next taberna izan zen, Zaporeak Sari Nagusiaren lehen garailea bihurtuz.

Jaiari amaiera bazkari herrikoi batekin eman zioten, baina, horri hasiera eman aurretik, goizeko azken momentu hunkigarriak bizitzeko unea izan zen. Sariak banatu eta jarraian euskal sukaldaritzaren bi ikurrren lana eskertu zuen antolakuntzak: Luis Irizar eta Juan Mari Arzak. Baina, horiekin batera, ezusteko omenaldia jaso zuen Peio Garcia Amianok.

Zaporeak Proiektua

Behin Koxk! ospatuta orain Zaporeak proiketua martxan jartzea da ondorengo helburua. Angel Olaranekin batera Etiopiako Wukro herrian gauzatu nahi den proiektu horrek eskualdeak bizi duen elikadurarako segurtasun eza kronikoari buelta ematea bilatzen du. Horretarako, Saint Mary misio eta eskolako sukaldeak hornitu eta hobetzeaz gain, Ostalaritza eta Gastronomia Eskola bat sortukoa da, Wukron dituzten elikadura baliabideei ahalik eta probetxurik gehien ateratzen erakusteko asmoarekin.