La Perla: sukaldaritzarekin jolastuz

Leku idilikoa, leku bat barandilan jarri eta itsasoko olatuen joan etorriekin gozatzeko, historia luzeko leku bat, ehun urte baino gehiago dituzten eraikinekin eta errege-erreginen opor leku ere izan dena, hori da Kontxako Badia. Azken urte hauetan, gainera, erlaxazioa bilatzen duen jendearen jomuga ere bihurtu da La Perlako Talasoterapiari esker, atseden hartu eta pilak kargatzeko leku aproposa, hori guztia, bere jatetxeko sukaldaritza bikaina dastatu aurretik.

Duela 18 urte, 1996an, hasi ziren iristen La Perlara gaur egun bertaratzen garen bakoitzean esperientzia gasronomiko eder bat bizitzen laguntzen digun taldeko kideak. Hauek dira taldeko buruak: Francis Tamayo koordintzailea, Juan Luis Bert jatetxeko zuzendaria, Natxo Trigilia sukaldeko nagusia, Ramón Antia lehen metrea, eta Anartz Fernandez bigarren metrea.

Juan Luisek Bilboko Guria eta Madrilen Luis Irizarren alboan eta Ansorenan egin du lan; Natxo, argentinarra, Buenos Aireseko Hilton Hotelean aritu zen lehendabizi, gurean Alameda Hotela eta Marina Berrin ibili aurretik; Ramonek Chomin eta Igeldo Hoteleko jantokietan egin du lan; Anartzek, aldiz, Bilboko Nerua, Boroa eta Akelarreko maisuen alboan ikasi du ofizioa.

La Perlan euskal sukaldaritza gaurkotu batekin gozatzeko aukera izango dugu, ez dituzte gure herriko sustraiak ahazten, gure kulturako sukaldaritza ohiturak, zeintzuei ikutu, zapore eta teknika gaurkotuak gehitzen dizkioten. Gainera, sukaldaritzarekin jolastea gustatzen zaie eta horretarako sortu dute kartan atrevete atala, non 5/10 plater eskaintzen dituzten produktu exotikoekin eginak, munduko toki askotatik ekarriak, eurekin dibertitzea helburu eta horiekin bezeroa gozarazteko. Hoi guztia ordutegi jarraituarekin, 12tatik, 24ra.

Kartan murgilduz gero sarrerakoen artean aipatzekoak dira azpizun eta foie carpaccioa ontto olio eta Oporto gozokiarekin; arrautza apurtuak patata, baratxuri eta trufarekin; eta marinaturiko izokin laminak bere ogi txigortu, aneldo gurin eta gazta freskoa belarrekin.

Arrainen eskaintzaren barruan ditugu betikoa den baina bikaina den legatza saltsa berdean, hirugiharretan bildutako zapoa denboraldiko zainzurien vichysoissearekin eta bakailaoa tenperatura baxuan pistacho mahonesa eta romesco saltsarekin.

Haragiei dagokionez, dastatu ditzakegun platerren artean ditugu: azpizuna patata eta hirugihar terrinarekin; ardo beltzetan gisaturiko uso foie rissottoarekin, geroz eta zailagoa den gure betiko sukaldaritzaren ikurretako bat; eta hezur gabeko txerrikumea tenperatura baxuan mostaza pure eta konfitaturiko pomeloarekin.

Ezin bazkari on bat postre gozo eta goxo batekin jan gabe amaitu, adibidez, bainilazko torrada karamelizatua kafe izozkiarekin; pina, mango eta marakuiako euskal pastel exotikoa jengibredun limoizko izozkiarekin; edo oliba oliozko bizkotxoa chinarlako bainila izozki eta pomeo konfitatuarekin.

Udaran Kontxak Badiara begira daude bi terraza ikusgarriretan gozatu dezakegu La Perlako sukaldaritzarekin, bat sukaldaritza informalaren eskaintzarekin eta bestea jatetxearen bide beretik doan eskaintzarekin, baina, hori bai, karta murritzago batekin. Bien bitartean, kafetegian pintxo sorta ederra dastatu dezakegu 1€tik hasita.

Gastronomia esperientzia handi bat bizi Kontxako Badiako ikuspegiarekin gozatzen dugun bitartean? Nik ez dut dudarik, La Perlara noa bazkaltzera. On egin!

Izena: La Perla

Helbidea: Kontxa Pasealekua z/g (Donostia)

Telefonoa: 943462484

Itxi: Azarotik otsailera asteartetan / Gainontzeko hilabateetan inoiz

Jantokia: Bat 130 pertsonentzat / Terraza 80 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 19€ / Gaueko menua 27€ / La Perla menua 40€ / Karta 40-45€