Azpeitia eta Azkoitia batzen dituen errepidean goaz. Azkoitiara iritsi baino metro batzuk lehenago, Loiolako basilika pasa eta segituan, eskubitara dagoen desbideraketa hartu beharko duzue, errotonda txiki baten antzekoa, norabide aldaketa itxurakoa, hortxe, errepide nagusiarekin paralelo doan bidexka hartu behar duzue. Eta goruntz hasi. Bide horrek eramango zaituzte Santa Cruz auzoraino. Igotzen hasi, natura inguruan, zuhaitzak, baserriak, ardiak, eta igotzen jarraitzen dugu, Laja Jatetxearen sarrera adierazten digun kartelarekin topo egin arte.

Ez pentsa suspentsea bertan amaitzen danik, ezta gutxiagorik ere. Sarrerako bidea hartu eta zabalgune handi batekin egiten duzu topo, parkina dena, eta parean exe handi bat. Kotxea utzi, bertatik jaitsi eta etxeruntz ibiltzen hasten zara, kuriositatez betea. Burura datorkizun lehen ideia, hemen jatetxe bat al dago? Erantzuna, etxearen atzealdean dagoen tabernarako bidea adierazten dizun karteltxo batek ematen dizu. Bidea segi eta guztiz harrituta geratzen zara, hitzik gabe.

Azkoitia zure azpian, mendi eta bailarak inguruak, berdea eta berde gehiago inguruan. Denbora, arnasa eta hitzak eteten dituen paisaje bikaina. Momentu batez ahaztu egiten duzu Azkoitian zaudenik, eta zertara joan zaren bertara, hori euskal sukaldaritza bikainaren usaina sartzen zaizunean sudurretik.

2013ko azaroaren 16an zabaltzen zituen ateak Laja Jatetxeak. Jose Luis Etxeberria “Txuli” eta Juan Mari Bastida “Atxui”-k  jarri zuten martxan Azkoitiako balkoia gobernatzen duen txoko gastronomiko hau. Ostalaritzaren munduko bi profesiona handi ditugu, mundu horren sekretu guztiak ezagutzen dituztenak, bizi osoa baitaramate edalontzi, plater eta zartaginen artean. Txulik penintsula osoa gurutzatu du, sukaldetik sukaldera, Soriako, Sevillako, Iruñeako Tres Reyes hoteleko, Olaberriako Castilloko eta Epsilongo sukaldetan ibilita, hori guztia Lajaraino iritsi arte. Bitartean, Atxuik inguruko hainbat establezimendutan ibilitakoa da, Santa Cruz auzoraino iritsi arte.

Euskal sukaldaritza tradizionala, Txulik ematen dion ikutu bereziarekin, non protagonista nagusiak denboraldiko eta merkatuko produktuak diren, Slow Food filosofiarekin bat egin eta inguruko produktuak erabiltzen dituzte. Horrela defini genezake dastatuko dugun sukaldaritza.

Lajako eskaintza gastronomikoa menuetan oinarritzen da, egunekoa, zein asteburukoa. Horrek ez du esan nahi gauza bereziak edo bezeroen eskaerak prestatzen ez dituztenik, hori bai, beti aurretik eskatuta.

Menuetan aurki ditzakegun sarrerakoen artean, beti ere denboraldiaren arabera, orburuak ditugu, lajan bikain prestatzen dituztenak eta plantxan, Jerezarein, saltsa berdean edo otarrainxkekin jan ditzakegunak, era guztietan zoragarriak. Hauekin batera aipatu beharrekoak dira foie plantxan galeper arrautzekin eta entsaladak, hala nola, nahasia edo olagarro edo bakailao entsalada epelak.

Arrainei dagokionez, menuan beti aurkituko ditugu plantxan eta saltsan prestaturiko plater bana, bakailaoa eta legatza kasu, plantxan edo saltsa berdean jan ditzakegunak. Hauekin batera, euskal sukaldaritza tradizionaleko plater bikainak, besteak beste, txipiroiak plantxan arroz beltzarekin edo bere tintan prestaturikoak.

Haragien atalean aipatzekoak ditugu txerri iberiko saltsan eta entrekota, bikaina eta Azkoitia bertatik ekartzen dutena. Hauekin batera, parrilan egindako txuleta edo saiheski zoragarria dasta ditzakegu. Parrilan prestatzeko edozein haragi aurrez eska genezake, irekia daude edozein proposamenari.

Lajan eskaintzen dituzten azkenburuko guztiak etxean prestaturikoak dira, horien artean aipatzekoak: arrozesnea, mamia, gazta tarta, txokolatezko tarta, edo sorbete zein izozkien aukeraketa eta sorta ederra.

Eguneko eta asteburuko menuaz gain, sagardotegi menu bikaina dastatzeko aukera izango dugu (txotx sagardoa urte osoan zehar), edo baita plater konbinatu zein otartekoekin. Plater konbinatuen artean aipatzekoak ditugu eguneko arraina errusiar entsalada eta kalamarrekin, lasaina entsaladarekin, eta oilasko iztartxoak patata, txanpinoiak plantxa eta entsalada. Otartekoen artean izarra: haragi egosia piperrekin, ederra.

Laja Jatetxea leku bikaina edozein ospakizun edo oturuntza antolatzeko, euskal sukaldaritza bikainarekin gozatzeko, eta bere inguruaz gozatzeko. On egin!

Izena: Laja Jatetxea

Helbidea: Santa Cruz auzoa (Azkoitia)

Telefonoa: 943851412

Itxi: Asteartea

Jantokia: Bat 80 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua 12€ / Asteburuko menu berezia 23€ / Haurrentzat menua 9,50€