Meson Martin: tradizioa erdigunean

Elkano Kalean, Gipuzkoa Plazatik Alde Zaharrera doan bidean, edo alderantziz izan liteke ere, hor dago Meson Martin. 1996k abuztuan zabaldua, egun lau anai-arreba dira tabernako ardura daramatenak: Txema Martín, Joaquín Martín, Pili Martín eta Susana Martín, azken hori gaixo dago eta lerro hauek baliatu nahi ditugu besarkada handi bat bidaltzeko.

Joaquin Martin aita izan zen familiaren ostalaritza ibilbideari hasiera eman ziena. Karrozeroa zenean Asador Martin zabaltzea erabaki zuen Azkuenen zituen bi lokaletako batean. Bertatik Antiguora joan zen 1986an martxan jartzeko Aldaba. Hiru urte lanean aritu eta ostalaritzako komertzial sartzea erabaki eta besteak beste martxan jarri zuen La Boutique del Jamón. Bi urtez Lezama Sagardotegiaren arduradun izan ostean, 1996an jarri zuen martxan Meson Martin. Urtea joan eta urteak etorri bere seme-alabak abenturara batzen joan dira, eurek hartu zuten arte Mesoneko ardura.

Goizeko 7.30tan zabaltzen dituzte tabernako ateak goizean goiz martxan jartzen diren langileentzat eta 8.30tan jada lehen tortilak aurkituko dituzte barran, aukera ezin hobea eguna kafesne goxo-goxo bat tortila pintxo batekin lagunduta hasteko, azken hori, patata, patata txakarekin, patata hirugiharra, gazta eta piperrekin edo txorizoarena izan daiteke.

Goiza aurrera dan heinean barra pintxo hotzekin betetzen joaten da, orokorrean tradizionalak direnak, Donostiako barrak bizi osoan gobernatu dituztenak, gilda, urdaiazpiko edo hegaluzea mahonesarekin adibidez.

Sukaldean pintxo prestatuagoak egiten dituzte, momentuan bertan ateratzen dituztenak, Meson Martinek duen sukaldaritzako kalitate handiaren erakusgarri eta seinale. Sukaldetik ateratzen diren pintxoen artean ditugu: ontto kaneloia; zakutxoa, kalabazin bexamela, perretxiko eta urdaiazpikoarekin; trainerua, txipiroia plantxan urdaiazpiko, ganba eta oliozpinarekin; txangurro brika. Horiei, asteburuetan pintxo bereziak gehitzen zaizkie, bakailao hostopila adibidez.

Tabernatik jantokira pasaz gero bertako mahaietan betiko euskal sukaldaritza bikain bat dastatzeko zortea eta aukera izango dugu (Ja(ki)tea Elkarteko kide dira), produktu fresko ezin hobeekin prestatua. Produktuak aukeratzeko orduan kontuan izaten dute horien denbora, urtaroak errespetatuz. Bi menu eskaintzen dizkigute, bata eguerditan (14€) eta beste bat gauetan (20€), gure poltsikoentzat eskuragarri den prezioetan gure betiko sukaldaritzaren erakusgarri diren platerrekin gozatzeko aukera paregabea.

Kartan murgilduz gero sarrerakoen artean ditugu entsalada desberdinak, besteak beste, etxeko entsalada urdaiazpiko, izokin, antxoa, zainzuri eta rabanitoekin; gulena; txipiroiena edo ahuntz gaztarena. Plater horiekin batera ditugu nahaskiak, onttoena edo txangurro eta kalabazinarena.

Arrainen artean aipagarriena legatza dugu, era askotan prestatzen dutena, denak ala denak bikaina: plantxan, arrautzeztatua, saltsa berdean, onttoekin edo txangurroz betea. Legatzaz gain aipatu zapoa edo erreboila labean, merkatua egunero eskaintzen dituen arrainez gain.

Haragien artean eskaintzen dizkigute txuleta eder bat parrilan, azpizuna plantxan, arkume txuletilak edo arkume errea, azken hori dastatu nahi ianez gero aurrez eskatu beharra dago.

Hori guztia gure betiko sukaldaritzako azkenburuko gozo bikain batzuekin amaitzeko aukera izango dugu, hala nola, natilak, mamia, arrozesnea, sagar konpota edo gazta tarta.

Meson Martin Turismoaren Kalitatezko Q-a jaso zuen lehen ostalaritza establezimenduetako bat izan zen. Egun mantendu egiten dute, Meson Martinen sukaldaritza eta bezeroak zaintzen dituztenaren seinale. On egin!

Izena: Mesón Martín

Helbidea: Elkano 7 (Donostia)

Telefonoa: 943422866

Itxi: Igandea

Jantokia: Bat 35 pertsonentzat / Tabernan bat 25 pertsonentzat

Salneurria: Eguneko menua (astelehena-ostirala) 14€ / Gaueko menua (astelehena-ostirala) 20€ / Karta 30-35€