MFM14: gastronomia berrezagutzen

Iragan astelehenean Gastrofestak Madrilerako bidea hartu zuen, bertan ospatuko zen Madris Fusion 2014 Nazioarteko Gastronomia Kongresuan parte hartzeko. Hiru egunetan, Madrid bihurtu da nazioarteko sukaldaritzaren hiriburu, bertan parte hartu dutelarik estatuko eta nazioarteko sukaldaririk garrantzitsuenak. Eta bertan egon da Gastrofesta, ezagutzera eman eta gastronomiaren munduan lehen urratsak ematen joateko.

Nahiz eta ezin izan genituen hiru egunak pasa bertan, igarotako egun eta erdia benetan interesgarria izan zen.

Astelehen goizean iritsi ginen eta akreditazioa jaso ostean, azoka bisitatzera joan ginen. Bertan, Dehesa de Extremadurako urdaiazpiko iberiko bikainarekin gozatu genuen, bidaiaren ondoren primeran etorri zitzaiguna. Gainera, Hacienda De Guzmaneko olioen dastaketa egiteko aukera izan genuen, esperientzia bikaina eta olio izugarriak ezagutzeko parada eman ziguna.

Arratsaldean, areto nagusian sartu, eta hitzaldiekin gozatzea erabaki genuen. Hitzaldi horietan, sukaldariek euren imaginazioari askatasuna eman eta bertan bildutakoak gozarazi zituzten.

Lehenengo hitzaldiak, Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana zituen protagonista. Bi euskal sukaldari hauek, “Sukaldaritza eta garapena” izan zuten gaitzat. Juan Marik argi utzi zuen: “ez da sukaldaritza berri eta sukaldaritza zahar bat existitzen, lehenengoa, bigarrenaren garapena da”. Honekin batera, Pedrok, sukaldaritza tradizionala lantzen duten sukaldariak goraipatu zituen.

Jarraian, Pepe Solla galiziarraren txanda izan zen. Ikusgarria izan zen, nola era sinple batean, gai zen produktuaren zapore guztia lortu eta pplaterrean jartzea. Horrela sortu eta prestatu zituen lau plater: zigala, legatza, txerri-kareta eta olagarroa. Goi-mailako sukaldaritzaren sinpletasunarekin harrituta geratu ginen. Honekin batera, arratsaldeko esaldi esanguratsuenetako bat esan zuen: “Produktu sentitu behar zara, nola prestatu nahiko zenukeen jakin eta bide hori hartzeko”.

Ondoren, Francis Paniegoren txanda eta bere barrukien tanda izan zen. Han agertu zen eszenatoki gainean, bere bihotz, burmuin, azal, belarri, masail eta birikekin, hau da, animaliaz normalean erabiltzen ez den guztiarekin, bere organu bitalak. Argi utzi zigun, produktu hauek anduz eta eurekin jolasten, emaitza bikainak lor daitezkeela, aurkeztu zizkigun 12 platerrak kasu. Platerretik, platerrera zihoala, geroz eta harrituago begiratzen genion pantailari, baina amaieran “ardi belarri kokotxa pil-pilean” aurkeztu zuenean, hitzik gabe geratu ginen denak. Ikusgarria.

Guzti hori lehenengo egunean. Bigarren goizean, aldiz, sukaldaritza egiteko eta ulertzeko dauden modu desberdinak ezagutzeko aukera izan genuen. Elena Arzaken hitzaldiak erakutsi zigun hori. Igor Zalakain eta Xabier Gutierrez ondoan zituela, hiru plater erakusgarri erakutsi zizkiguten, “sagar sanginoa”, “ostrak eta sumendia”, eta “txokolatezko trufa handia”, guztiak aho bet ehortz utzi zizkigutenak. Asteleheneko hitzaldiek, euren sinpletasunagatik harritu bagintuzten, asteartekoak, bere ikusgarritasunarengatik harritu gintuen gehienbat.

Azokatik buelta bat eman eta agur esan genion kongresuari, hori bai, hitzaldien liburua besapean genuela, non Francs Paniego handiaren profila idatziz parte hartu genuen.

Madris Fusionen sukaldaritza berrezagutu dugu, bana ziur, datorren urtean berrezagutzen jarraituko dugula.