Oarso Sagardotegia: gazteen sukaldaritza

Hemen gaituzue astelehenero legez, gastronomiaz, sukaldaritzaz, bizitzaz goza dezazuen, plan bikain bat proposatzen. Zer litzateke bizitzaz, gure kulturaz, ezingo bagenu mahai baten inguruan bildu eta bazkari edo afari bikian batekin gozatu, gure lagun edota familiartekoekin?

Helburu hori gauzatze aldera, aste honetan Bidasoa ibaiaren ibarretara gerturatu gara, Errenteriara, Oarso Sagardotegiak eskaintzen digun euskal sukaldaritza tradizionalarekin gozatzera. Urtarrilaren 11tik, gazte talde batek darama jatetxearen gidaritza, 22 urte ingurukoak denak. Plazer hutsa da beraiek lanean ikustea eta horretaz gain, poztasun handia ematen du, gazteek lanean hasteko dituzten arazoak ikusita, gazte taldeak egindako apostua ikustea. Horregatik baliatu nahi ditugu lerro hauek euren lana txalotu eta zoriontzeko.

Sukaldean Iñaki Zeberio eta Asier Rodriguez ditugu, bi sukaldari gazte, baina euren bizkarrean sukaldari ibilbide oparoa dutena. Errenterian finkatu aurretik Lezoko Carmenen aritutakoak dira, horretaz gain, Asierrek Fagollaga eta Kata4 bezalako jatetxeetan lan egindakoa da.

Oarso Sagardotegian euskal sukaldaritza tradizional bikain batekin gozatzeko aukera izango dugu, betiko euskal sukaldaritza hori, Iñaki eta Asierrek etxen, ama-amonekin ikasi dutena, euren etxeetan gozatutakoa. Horri, euren sukaldari ibilbidean ezagutzen joan diren plater eta sekretuak gehitzen joan zaizkie. Oarsoko sukaldean protagonismo handia dute denboraldiko edo merkatuko produktuek.

Karta edota menu desberdinetan aurki ditzakegun platerak aztertzen jarriko bagina, sarrerakoetan aurkituko genituzke itsaski-salpikoi entsalada, izokin ketu eta gaztaz beteriko zerba orri-mamia edota arrain-zopa bezalako plater gozo eta bikain prestaturikoak.

Arrain-platerak begiratzen jarriz gero, lehenik eta behin aipatu, garrantzia handia dutela merkatuak eskaintzen dituen arrainak, denboraldiak, hegaluzea edota hegalaburra, baina ez dira euskal sukaldaritza tradizionaleko platerak falta, zapoa parrilan edota bakailaoa kasu, piperrekin edo pil-pilean dastatu dezakeguna.

Haragi-platerei dagokienez, alde batetik, sukaldean erabiltzen dituzten produktuen kalitatea azpimarratu beharko genuke, hala nola, txerri iberiko sekretua, txerri ukondoa edota ehiza-platerak, oreina, basurdea edota erbia saltsan bezalakoak.

Azkenik, kartako alderdi gozoan arreta jarriz gero, etxean prestaturiko azkenburuko sorta eder batekin gozatzeko aukera izango dugu, besteak beste, pantxineta, gazta-tarta edota torradak.

Izaera gaztea duen jatetxe baten aurrean gaude, non esperientzia gastronomiko bikain batekin gozatzeko aukera izango dugun. Oarso Sagardotegitik sukaldaritza aire berria datorkigu. On egin!

Izena: Oarso Sagardotegia

Hlbidea: Zubiaurre 8 trasera (Errenteria)

Telefonoa: 943515956

Jantokia: 4 60/30/20/8 pertsonentzat

Itxi: Inoiz

Salneurria: Karta 30€ / Eguneko menua 9,50€ / Asteburuko menua 18€ / Sagardotegi menua 28€