Sagardoarengatik batuta

Atzo goizean aurkeztu zuten Hernaniko Udaletxean Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo Udalek sagardoaren kultura sustatzeko Sagardoaren Lurraldearekin habian jarri duten elkarlana, 3 urterako hitzarmena sinatu dute elkarlan hori gauzatzeko. Bertan parte hartu zuten Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Andoni Gartzia Astigarragako alkatea eta Sagardun Partzuergoko lehendakaria eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea, horiek aurkeztu zuten sinaturiko hitzarmena, 3 urtetakoa dela aipatu eta adierazi zuten Hernanik 10.000€-ko ekarpena egingo duela eta Usurbilek 5.000€-koa.

4 urtetako prozesuaren ostean, sagardoaren kulturarekin harreman estua duten Hernani eta Usurbilgo herriek Sagardun Partzuergoarekin lankidetza hitzarmena sinatzea erabaki dute sagardoaren kultura sustatzeko helburuz.

Hala, Hernani, Usurbil eta Astigarragaren arteko elkarlana jarraian zehazten diren 4 puntutan oinarrituko da:

1. Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturako eskaintza turistikoa Sagardoaren Lurraldean integratzea

Hernani eta Usurbilgo Udalen sagardoaren kulturako eskaintza turistikoa “Sagardoaren Lurraldea”markapean integratu, sustatu eta komertzializatzeko:

- Webgunea: Gaur egun Hernani eta Usurbilgo Udalak dituen esperientziak eta hemendik aurrera sortzen diren berriak, Sagardoaren Lurraldeako esperientzien atalean txertatuko dira.

- Erreserben zentrala: Udaletxe bakoitzak Sagardoaren Lurraldeatik kudeaturiko erreserben zentrala izango du bere esperientzia eta sagardotegietarako erreserbak online sustatzeko.

- Sare sozialak: Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturako proposamenak Sagardoaren Lurraldeako sare sozialetan sustatuko dira. Gaur egun Sagardoaren Lurraldeako Twitter kontua (www.twitter.com/sagarlur), Facebook kontua (www.facebook.com/Sagardoarenlurraldea) eta
YouTube-ko kontua ditu Sagardoaren Lurraldeak.

- Bloga: Hernani eta Usurbilgo sagardoaren kulturako proposamenen inguruko albisteak argitaratuko dira Sagardoaren Lurraldeako Blog-ean (http://www.sagardoarenlurraldea.com/blog/).

- Newsletterra: Sagardoaren Lurraldeako newsletterra bidaliko da e-mailez hartzaile ezberdinen artean esperientzia hauen zabalpena egin eta erreserbak sustatzeko.

- Promozio kanpaina: Turismo alorreko profesionalen artean promozio kanpaina egingo da esperientzia hauen sustapena egin eta erreserbak sustatzeko.

- Kazetarien harrera: Sagardoaren kultura zabaltzen duten kazetari, bloger, etab.-en harrera eta informazioaren kudeaketa Sagardoaren Lurraldeatik.

2. Hernaniko eta Usurbilgo Sagardo Bideak sortzea

Sagardun Partzuergotik “Santiagomendiko Sagardo Bidea” izeneko sagardoaren kulturako ibilbide tematikoa martxan jarri zen 2012ko irailean. Hau oinarritzat hartuta, Hernaniko eta Usurbileko Sagardo Bideen sorrera sustatuko da, eta hauek gauzatuak daudenean, hiru Sagardo Bideen arteko lotura egingo da.

3. Hernanik eta Usurbilek Sagardoetxea Museoan parte-hartzea

Hernanik eta Usurbilek beren tokia izango dute Sagardoetxea Museoan, sagardoaren kultura, herri baten mugetatik harago, gure kulturan eta lurraldean errotutako usadioa dela adierazteko.

4. Hiru udalen artean ekitaldi berriak sortzea

Usurbil, Hernani eta Astigarragako herrien artean ekitaldi berrien sorrera sustatuko da, eta horietako bat “Sagardoaren Lurraldea ezagutuz” ibilaldia izango da. Ibilaldi hau hiru herri hauetan zeharko buelta bat izango da eta apirileko azken igandean ospatuko da urtero. Aurten ibilaldia Astigarragan hasi, eta Hernanitik pasa ostean, Usurbileraino iritsiko da eta bertan Sagardoetxeak egindako “Sagardogintza gure baserrietan” erakusketa ikusgai jarriko da. Ibilaldi honen iraupena 5 ordu ingurukoa izatea nahi da eta bere antolaketa Astigarragako mendizale, Hernaniko Mendiriz Mendi taldeko kide eta Andatza Mendizaleen Kirol Taldearekin batera egitea pentsatu da.