Txepetxa: antxoaren tenplua

Hasi aurretik galdera bat, zuetako zeinek dastatu du noizbait Txepetxako antxoaren bat? Erantzuna baiezkoa baldin bada, ziur berriro ere dastatzera itzuli zaretela, eta joaten jarraitzeko asmoa duzuela. Baina erantzuna ezezkoa baldin bada, gure helburua artikulua amaitzen denerako zuek konbentzitzea izango, behin bada ere, Txepetxa bisitatu dezazuen konbentzitzea.

1972. urtean zabaldu zituen ateak Donostiako Alde Zaharrean kokatua dagoen taberna honek. Josetxo Marañon eta Mari Carmen Ramos izan ziren arrakastaren tontorrerainoko bidean lehen urratsak eman zituztenak, pintxo tradizionalak eskaintzen eta prestatzen hasi zirenak. Baina ostalaritzarekik pasio eta maitasuna lehenagotik datorkio familiari, 1916. urteaz geroztik, Josetxoren aitak, Valentin Marañonek, Bodegas Donostiarras martxan jarri zuenetik, hain zuzen ere. Belaunaldiz belaunaldi lekukoa pasatzen jan den familia dugu Marañon-Ramos, ostalaritzan lanean, pasio eta entrega handiz ia mende bat lanean diharduen familia.

Gu familiaren hirugarren belaunaldiarekin eseri gara, manu Marañonekin, gertutik ezagutzeko Txepetxaren mundu-mailako arrakastaren zergatia. Eseri eta sukaldaritza pasio handiz bizi duen pertsona bat duzula parean konturatzen zara, ofizio hau maite duena. Kontatzen zigun nola sei urte zituenean bere aitonak jada gilda famatuak prestatzen erakutsi zion. 1986. urteaz geroztik darama lanean Txepetxa tabernan.

Betiko pintxoak dira Donostiako Alde Zaharreko taberna historiko honetako sukaldaritzaren oinarri. Barran ez dira pintxo asko ikusten, gehienak sukaldetik ateratzen dira zuzenean, egin berriak, dastatzeko puntu-puntuan. Donostian 1997. urtean ospatu zen lehen pintxo txapelketaren jaun eta jabe izan ziren, lehen hiru postuak lortuaz. Txapela, bakailao pintxoarekin eskuratu zuten.

Etxe honetako izar nagusi ditugu antxoa marinatuak. Valentin izan zen itsas produktu preziatu eta bikain hori erabiltzen hasi zena, baina Josetxo izan zen, aho-zapai ikaragarri baten laguntzarekin, antxoaren marinatuaren errezeta perfekzionatu zuena. Horretarako, 40 urte behar izan zituen eta ezinbestekoa izan zen Mari Carmenen laguntza. Josetxok errezetak pentsatu eta Mari Carmenek platerrean jartzen zituen. Marinatuaren errezeta familian geratzen da, euskal gastronomiaren sekretu handienetariko bat dugu hori, eta hobe horrela, dastatzeko ez baitugu besterik Txepetxara joatea baino.

Manuk egunero ehunka antxoa pintxo prestatzen jarraitzen du, batzutan milara ere gerturatuz. Ogi txigortu xerra bat eta bi antxoa, hori aukeraezina da, zerrekin laguntzen duzun ya zure esku dago, zapore ezberdin eta bikainen eskaintza zabala dago: txangurru krema, jardinera, itsas trikua, azeituna patea, foie eta sagar konpota, papaia eta fruitu tropikala, ahabia, kokoa, amuarrain arrautzak eta izokina. Baina ere badugu aukera dastatzeko antxoa gazituak edo bokarta antxoa gazitu eta pikilo piperrarekin.

Mundu osoan ezagunak eta hain fama handia duten antxoez gain pintxo tradizional sorta ederra eskaintzen digute, hala nola: gilda, bakailao pintxoa, bakailaoz edo perretxikoz beteriko piperra, txangurro pintxoa, urdaiazpiko kroketa, gisaturiko edo labean eginiko perretxikoa, dilistak foierekin, kalabaza krema ganbarekin edo gazta krema urdaiazpikoarekin. Hori guztiari kalamare eta txopito anoak gehitu behar zaizkio.

Munduko txoko guztietatik baldin badatoz turistak Txepetxako antxoekin gozatzera, gu ere gerturatu gaitezen horiek dastatzera. Espero dugu konbentzitu izana. On egin!

Izena: Bar Txepetxa

Helbidea: Pescadería 5 (Alde Zaharra-Donostia)

Telefonoa: 943422227

Itxi: Igande gaua, astelehena eta astearte goiza

Salneurria: Pintxoak 1,90€ – 2,30€ / Anoak 5,50€