Ura: euskal sukaldaritza bartzelonizatua

Gabonetan Bartzelonan egun batzuk pasako dituzuenontzat, edota bertan urte osoa lanean edo ikasten zabiltzanontzat, Ura Restaurant&Lounge proposamen gastronomikoa ezagutarazi nahi dizuegu. Bi urtetan, jatetxe honek Bartzelonako gastronomian erreferentzia izatea lortu du, bere sukaldaritza onari eta diskotekako gaueko giroari esker.

Bi urte bete berri ditu Urak, 2011ko azaroan ateak zabaldu zituenetik. Zehazki, inaugurazio ekitaldia, 11/11/11n egin zuten, ezin data hobeago bat aukeratu erronka hau martxan jartzeko.

Aritz Iriarte izan zen Ura Restaurant&Lounge honen bultzatzailea. Aritz, Iruñeatik Bartzelonara joan zen, bere modelo karrerari jarraipena emateko, baina kasualitateak asteburuetan ostalaritzan lanean hastea eraman zuen. Hortik, erlazio publikoetan hasi zen lanean. Pixkanaka-pixkanaka, bere buruan jatetxea eta diskoteka uztartzearen ideia joan zen gorpuzten, eta horrela sortu zezn Ura. Sukaldean, Haritz Arrillagarengan jarri zuen ardura. Sukaldari hau, 8 urtez aritu zen lanean gure probintziako gastronomiaren erreferenteetako bat den Fagollagan. Hortik, Bartzelonara egin zuen salto eta hamar urte luzez aritu zen Euskal Etxeko sukaldea zuzentzen. Ezusteko baten bitartez egin zuen topo Aritz Iriarterekin eta horrela sortu zitzaion Ura Restaurant&Lounge-ko abenturan murgiltzeko aukera.

Zer aurkituko dugu Uran? Ura, euskal sukaldaritza oinarri zuela sortu zen, gure gastronomiaren plater esanguratsuenak eskainiz, baina tartea eginez nazioarteko sukaldaritzako platerei, horrela, jatetxea eta Bartzelona bisitatzen duten atzerritarrei iritsi ahal izateko. Esan genezake, euskal sukaldaritza aurkituko dugula bertan, baina Bartzelonak eragindakoa.

Ura jatetxeko kartan murgiltzen bagara, sarrerakoen artean aurki ditzakegu: foie-micuita karamelizaturiko sagar eta piku mermeladarekin; hegaluze bentreska tomate xehetu eta ezti eta mostaza oliozpina; patata-tortila tinbala pan-tomacarekin; eta perretxiko rissottoa parmesano gainarekin.

Arrain-sortaren barruan honako plater bikain, bezain gozoak eskaintzen dizkigute: hegalabur gorri tatakia, chile gozo, alberjini-krema eta tipula gozoarekin; erretako olagarroa hirugihar iberikoa, patata eta piperrautsa; edo bakailaoa parrilan txangurru haragi eta antxoa pil-pilarekin.

Haragiei dagokionez, bi dira kartako protagonista nagusi, parrilan erretako behi azpizuna, patata frijitu, tomatea eta piperrekin; eta galiziako idi txuleta parrilan. Baina hauekin batera dasta ditzakegu idi steak-tartarea mostaza min, luzoker gozo eta yuca txipekin; eta ahate-magreta karamelizaturiko sagar eta basa-fruituekin.

Omenaldi bikain honi ahalik eta amaierarik onena emateko, kartan eskaintzen dizkiguten etxean eginiko postreetatik edozein aukeratu dezakegu, besteak beste, marrubi-gozokidun cheesecake-a, txokolatu eta hur browniea sechuango piperrauts helatuarekin edo pannacotta mangozko helatu eta basa-fruituen infusioarekin.

Afaldu ostean trago bat hartzeko gogoa pizten zaigula? Ez kezkatu, Ura diskoteka bihurtu eta gauean zehar koktel eta gin-tonik sorta ederraz gozatzeko aukera eskaintzen digu. Datu esanguratsua, 40 ginebra ezberdin inguru eskaintzen dizkigute.

Ura, urte osoan zehar edo gabonetan Bartzelonara gerturatzen bazarete, bisitatu beharreko euskal jatetxe “bartzelonizatua. On egin!

Izena: Ura Restaurant & Lounge

Helbidea: Diagonal 477 bajo trasera (Bartzelona)

Telefonoa: 934194924

Jantokia: 1 160 pertsonentzat

Itxi: Igandea eta astelehen gaua

Salneurria: Karta 40€ / Eguerdiko menua 13,50€