XXII Sagardo Berriaren Eguna

Urtarrilaren 14an, Sagardoaren Lurraldeak 2014ko uztaren eta sagardo berriaren ezaugarriak aurkeztuko ditu txotx denboraldi berriari hasiera eman eta sagardo berria dastatzen hasteko ekitaldian. Andoni Gartzia Astigarragako Alkateak, eguerdiko 12:00etan Sagardoetxea Museoan ospatuko den aurkezpen ekitaldian uzta berria aurkeztuko du, eta sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri emango du, sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenekin batera.

Urtero bezala, hogeitabigarren aldi honetan ere, ekitaldiko unerik garrantzitsuena txotx irekierakoa izango da. Astigarragako Bereziartua sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu egingo dute Nagore Aranburu, Itziar Ituño eta Itziar Aizpuru LOREAK fi lmeko protagonistek lehen kupela irekitzean, eta honekin batera, sagardo denboraldi berria irekiko da.

Aldez aurretik, Sagardoetxea Museoko sagastian sagarrondo berri bat landatuko dute. Ekitaldi sinboliko honekin, naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira, urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukera eskaintzen baitigu.

EGITARAUA:

12:00: Prentsaurrekoa Sagardoetxean. Bertan 2014ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak azalduko dira.
12:45: LOREAK fi lmeko protagonistek sagarrondo bat landatuko dute Sagardoetxeako sagastian.
13:30: Txotx irekierako errituala: txalapartarien deiarekin batera, sagar dantzak eta sagardogileen soka dantzak LOREAK filmeko protagonistak kupelera gerturatuko ditu.
13:45: Bereziartua sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda lehen kupela irekiko dute LOREAK filmeko protagonistek, eta honekin batera, txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, denboraldiko sagardotegiko lehenengo menua dastatuko da.
18:00-20:30: Pintxotx Astigarragako tabernetan.
20:30: Herriko elkarteen afariak Alorrenea sagardotegian.

PROTAGONISTA IZAN ZIREN…

1994, Andoni EGAÑA bertsolaria.
1995, Jose Mari BAKERO futbolaria.
1996, Javier CLEMENTE entrenatzailea.
1997, Julian RETEGI pilotaria.
1998, Miguel INDURAIN txirrindularia.
1999, Juan Mari ARZAK sukaldaria.
2000, Pedro Miguel ETXENIKE fi sikaria.
2001, Joane SOMARRIBA txirrindularia.
2002, Martín FIZ lasterkaria.
2003, Abraham OLANO txirrindularia.
2004, Periko, Mikel y Xabi ALONSO.
2005, Ainhoa ARTETA sopranoa.
2006, Jose Luis KORTA arraunlaria.
2007, Juan MARTINEZ DE IRUJO pilotaria.
2008, Andoni LUIS ADURIZ sukaldaria.
2009, Aimar OLAIZOLA pilotaria.
2010, REAL SOCIEDAD DE FUTBOL futbol taldea.
2011, Karlos ARGUIÑANO sukaldaria.
2012, Julian IANTZI aurkezlea.
2013, LA OREJA DE VAN GOGH taldea.
2014, KALAKAN taldea.

“Loreak” filmeko aktorea protagonistak

Itziar Ituño, Nagore Aranburu eta Itziar Aizpuru 2014ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen “Loreak” film arrakastatsuaren protagonistak dira. Filman egiten duten lanagatik, kritikaren laudorioak jaso dituzte eta aktore onenaren saria irabazi zuten, “ex aequo”, Tokioko Latin Beat jaialdian.

“Loreak” (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), Donostia Zinemaldiaren 62. edizioan Urrezko Maskorra lortzeko lehian izan den osorik euskaraz filmatutako lehen pelikula bilakatu da. 50.000 ikusle baino gehiago metatzen ditu zine-aretoetan
eta nazioarte maila oihartzun handia izaten ari da, London Film Festival, Zurich Film Festival, Tokyo International Film Festival edo Palm Springs Film Festival bezalako jaialdietan.

2015ko sagardoa

Uda fresko eta hezeak sagarraren azukreen kontzentrazio egokia ahalbidetu du, zuku arinak eta freskagarriak lortuz. 2014ko uztak Euskal Herrian 10 miloi litro sagardo inguru ekoiztea ahalbidetu du, iazkoaren antzeko kopurua.

Sagardo dastaketa:

- Azpimarratzekoa da sagardo oso usaingarria dela eta zitrikoetatik hasi eta sagar heldu bitarteko usaiak daudela.
- Hori-berdexka koloreko sagardoa da.
- Txinparta bikainekoa.
- Sagardo orekatua, oso edan erraza eta ariña zain dugu gure sagardotegietan.

Txotx irekierako berritasunak

Aurten Sagardo Berriaren Eguneko berrikuntza nagusia, ekitaldian txotx irekierako erritual koreografikoa sartzea izango da. Erritual honekin, sagardogileek ekitaldiko protagonista kupelera lagunduko dute txotx boladari hasiera emateko.

Erritual hau Ikerfolk eta dantzan.com-ek sortu dute Astigar E.O.E.-rekin elkarlanean. Txalapartarien deiarekin batera, dantzariek Arizkungo sagar dantza dantzatuko dute sagardotegiaren sarreran. Jarraian, Sagardun-eko sagardogileez osaturiko soka dantzak, LOREAK filmeko protagonistak kupelera lagunduko ditu denboraldiko lehendabiziko zukua dastatzera, eta honekin, txotx bolada berria hasiko da.