Aste honetan ospakizunetan murgilduta aritu gara. Donostiako gastronomia-tenplu baten 30. urteurrena ospatzen ibili gara. Ganbara Jatetxeari buruz ari gara hizketan. Donostiako Alde Zaharrekko Konstituzio Plazaren sarrera gobernatzen daramatza 30 urte, gozarazten, disfrutatuarazten, sukaldean prestatzen duten esukal sukaldaritza bikain horrekin.

Iragan astelehenean, maiatzak 12, Ganbararen lagun asko bildu ginen, bere sukaldaritzarekin gozatu eta familia lehen pertsonan zoriontzeko.

Jose, Amaia, Nagore, Amaiur y Iulene dira Ganbara posible egiten duten bost artistak; Martinez-Ortuzar familiako bost kideak; Ganbara, biztanleko Michelin Izar gehien dituen hiriburuko sukaldaritza-erreferentzia izaten jarrai dezan lortzen duten bost pertsonak.

Horregatik, blog honetako artikulu xume honen bitartez honakoa esan nahi diegu: Zorionak zuen 30 urteurrenarengatik! Zorionak zuen sukaldean prestatzen duzuen sukaldaritza bikain horrengatik! Zorionak egin, egiten eta egingo duzuen lan guztiarengatik! Eskerrik asko zuen etxera goazen bakoitzean bikain zaintzeagatik! Eskerrik asko zareten bezalakoak izateagatik! Bikainak zarete! Zorionak!

Hau guztia esanda, urte hasieran blog honetan idatzitako artikulua berreskuratuko dugu, bide batez, Ganbaran gozatuko ditugun kutixiak gogorarazi eta zuen barrenean bertara gerturatzeko sua pizteko. On egin!

Urtarrilaren 6an argitaratutako artikulua:

Ganbara Jatetxean euskal sukaldaritza tradizional bikain batekin gozatzeko aukera izango dugu, non protagonista nagusi diren goi-mailako denboraldiko produktuak. Egun adibidez trufa dastatzeko aukera dugu, entsaladan edo nahaskian.

Jatetxeko kartan murgiltzen baldin bagara, sarrerakoetan batez ere denboraldiko barazki eta perretxikoak aurkituko ditugu, zigala-entsalada bezalako platerrekin batera. Barazkiei dagokionez, kontuan hartu beharrekoa da denboraldiko barazkiak eskaintzen dizkigutela, horrela urtean zehar dasta ditzakegu urdaiazpikoarekin salteaturiko kardua; txirla, foie edota urdaiazpikoarekin dasta ditzakegun orburuak; ilarrak eta ur irakinetan eginiko arrautza; babatxoak; edo zainzuri epelak, guzti hori, barazki menestra bikainaz ahaztu gabe. Perretxikoei dagokionez, onttoak aipatu behar lehendabizi, plantxan foierekin, nahaskian edota salteatuak jan ditzakegunak.

Sarrerakoen eskaintza izugarria baldin bada, zer esan arrainen eskaintzari buruz. Gure sukaldaritzaren protagonista nagusienetakoak ditugu, baita Ganbara Jatetxekoak ere. Berezitasunen artean ditugu kokotxak, aldarbatuak, saltsa berdean edo angulekin har ditzakegunak; angulak, denboraldian gauden heinean; eta merkatuak eskaintzen duen arrainetako edozein parrilan errea, hala nola, erreboila, zapoa edo bisigua. Ezin aipatu gabe utzi denboraldiko Donostiako lanperna.

Haragiei dagokionez, plater bakarra aipatu beharrean gaude: parrilan erretako txuletoia. Hitzik gabe utzi gaitu eta utziko zaituztena, bikaina.

Eta euskal sukaldaritzari eta produktu onari eginiko omenaldi honekin bukatzeko, etxean eginiko edozein azkenburuko aukeratu dezakegu, horien artean ditugu, marrubiak eta pipermina, laranja eta karamelua, denboraldiko melokotoi errea eta torradak.

Baina ez pentsa jatetxean soilik goza dezkegunik Ganbarako goi-mailako sukaldaritzaz. Gauza bat baldin badago gastronomia maite duten guztien gozamena sortzen duena, hori pintxo eta produktuz beteriko Ganbarako barra dugu. Bertan dasta ditzakegu errusiar entsalada, txangurro tartaleta, txistorra hostorea edota urdaiazpikoz, izokinez, bakailaoz edota basurde-buruz beterik doazen kurasanak.

Gure hirian aurki dezakegun gastronomiaren eta produktuaren tenplu bat. Martinez-Ortuzar familia zoriontzeko baliatu nahi ditugu lerro hauek, euren ibilbide zoragarri eta arrakastatsuarengatik. Segi gozatzen eta gozarazten. On egin!

Izena: Ganbara Jatetxea

Helbidea: San Jerónimo 21 (Donostia)

Telefonoa: 943422575

Jantokia: 1 30 pertsonentzat

Itxi: Igande gaua eta astelehena

Salneurria: Karta 40-70€ / Menua 29,50€ / Dastatze menua 80€